XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Joseba Agirre: Politiko bati baino gehiagori emango nioke nik ostikada

A. PEREZ DE KARKAMO / BERGONDA

Bere bizitza osoan euli bati iseka ere ez diola egin ematen du.

Arranbera eskuan duen ume batek bezalako irribarre zabala du aurpegian.

Hamalau urteko neska askok desiatuko luketeen gerria.

Gezurra badirudi ere, aingerutxo aurpegidun bilbotar honek, traje zuria eta gerriko beltza jantzi eta den kirolik gogorrenetariko baten urrezko liburuan bere izena letra handiz idaztea lortu du.

Jendeak uste du taekwondoak umeak agresibo bihurtzen dituela, baina ez da hala.

Kirol honek bakoitzaren agresibitatea askatzen laguntzen du, eta bere tentsio guztia gimnasioan askatzen duen umea eskolan edota etxean askoz ere lasaiagoa da.

Gure artean oraintsu ezaguna egin bada arte martzial hau, Josebaren aitak aspaldi praktikatzen zuen.

Aitaren eskutik ezagutu zuen taekwondoa, eta bost urte zituela praktikatzen hasi.

Txikitatik, beraz, jardun du; hasieran denborapasa bezala, baina laster batean konpetizioan, lehenengo sariak irabaziz.

Hamahiru urte izan arte debekatua dago borrokatzea.

Horregatik, nahiz eta teknikak egiten sari batzuk lortu, ez nuen uste borrokan txapeldun izatera hel nintekeenik.

Junior mailako Estatuko txapelduna izateaz gain, nagusien arteko bigarrena da, oraindik hemezortzi urte bete ez dituenean.

Orain bere familiak arazo larria dauka.

Izan ere, latza gertatzen zaie bai Josebak bai bere lehengusu den Borjak etxera dakartzaten domina eta trofeoak gordetzeko lekurik topatzea.

Hala ere, arazo honek ez du batere arduratzen Joseba, eta beste ideia bati bueltaka ari da.

Oraindik oso gaztea naizenez, oso zaila dut Atlantako Joko Olinpikoetara joatea.

Nire asmoa, beraz, 2000. urtean domina lortzea da.

Orduan, lehenbizikoz izango da taekwondoa kirol olinpikoa, eta gustatuko litzaidake lehenengo txapeldun olinpikoa izatea.

Bere ametsa Atenasen dago, bere egunekoa Euskal Herrian.

Konpetizio, txapelketa eta topaketa artean oso denbora gutxi dauka Josebak atseden hartzeko.

Unetxo bat libre izanez gero, aita, ama eta Zuriñe nire neskarekin igarotzea gustatzen zait.

Beraiek dira irabazten dudanean gehien pozten direnak, baina baita gehien sufritzen dutenak ere, ematen didaten kolpe bakoitzarekin.

Baina elkar jotzera joaten denean ere oso une goxoak pasatzeko aukera izaten du: Euskadiko selekzioan dagoen giroa ezin hobea da.

Kalitate aldetik punta-puntakoak bagara, lagun bezala askoz ere puntakoagoak.

Taekwondoak ia ez dio uzten besterik egiteko betarik.

Konpetizioa, familia, lagunak eta ikasketak batera eramatea zaila gertatzen zaio.

Egunero ordu pare bat entrenatzeak eta bi egunetan behin umeei irakasteak denbora handia lapurtzen dit.

Baina txapeldun handi bat izateko zorroztasuna derrigorrezkoa da.

Josebak badaki hori, eta horrexegatik dago uneoro bere entrenatzaile den Arturo Magdalenoren esanetara.

Oso serioa izan behar duzu honetan, asko baitaukazu jokoan.

Hori bai, ahal izanez gero, politiko bati baino gehiagori emango nioke nik ostikoa gustora.

Federazioan entzuten badute...

SOSLAIA

Beti irribarretsu

Mundu osoko zientzilari eta ikerlarien ikasgai izan daiteke hamazazpi urteko gizon txiki hau.

Batzuek diotenez, Julen Guerrero lesionatu zeneko hartan galdu zuen une batez bere irribarrea, baina ez da lortu horren froga fidagarririk.

Eta mundu anker honetan halako gizaki bat topatzea nekeza bada, espezie bereko neska baten alboan ikusi omen dute paseatzen.

Zuriñe da bere bizioetako bat.

Besteak, euskal rock erradikala eta patata frijituak, ahal izanez gero udaldiko herria duen Bergondakoak.

Ai, zein goxoa den Arabako patata!